PLAZA DEL 18 DE JULIO eta PLAZA DE LA CONSTITUCIÓN
Hauek ziren eta dira Donostiako burgesia espainiarrarentzat eta bere akolitoentzat plaza honen izenak, baina, ez guretzat. Guretzat PLAZA BERRIA izan da beti, da eta izango da.
Donostia hiri nafarra fundatu eta gutxira, 1200. urtean, Gaztelako erresumak konkistatu zuen. Ordutik eta gaur arte, Gaztelako (XIX. mendetik aurrera Espainia) indar okupatzaileak izan dira eta dira hiriko jaun eta jabeak. Guretzat, tragedia historikoa da.
XVI. mendetik aurrera, behintzat, hiriak plaza bakarra zuen, PLAZA ZAHARRA. Gaurko Boulevard 18-26 zenbakien arteko etxeei dagokie. Urte batzuk direla, esparru honi Ugartemendia Plaza izena jarri diote (Plaza Zaharra, bere benetako izena ez jartzeagatik), Ugartemendia kalea badela Bentaberrin jabetu gabe. Hau inkonpetentzia!
Militar okupatzaileek Plaza Zaharra erabiltzen zuten beraien maniobretarako eta liskarrak sortzen ziren herritarrekin erabilera horrengatik. Gauzak horrela, eta militar hauekin liskar horiek ekiditeko, Hiriko Kontsejuak (Udalak) orduan Enbeltran eta Amasorrain kaleen artean zeuden etxeak bota eta Plaza Berria sortu zuen, 1722. urtean Plaza Zaharra ordezkatzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko.Plaza berri hartako Kontseju etxea eta beste eraikin guztiak Udalaren kontu egin ziren.
1813.ean Plaza Berria suntsitu egin zuen espainiarren aliatuak ziren ingeles-portuges armadak. Eraberritu eta 1818.ean ireki zen berriz, bere betiko Plaza Berria izenarekin. Baina, Donostiako patriota espainiarrak ez zeuden herritarrek emandako izen hori onartzeko, beste batzuen artean, Joaquín María Ferrer militar espainiarra. Garai hartan Donostiako zen Pasaia San Pedron jaioa zen jauntxo hau “liberal apasionatua” omen zen eta Esparteroren adiskide mina; Catalina de Erauso mojari buruzko kontakizun faltsutuaren istorioaren asmatzailea; Foruen etsai amorratua; ministroa eta baita Espainiako gobernuko presidente ere. Nafarroako erresuma zaharra suntsitu eta probintzi bihurtu zutenean, 1841.ean, nor hautatu zuten Madrilen Nafarroako senatore?: Joaquín María Ferrer.
Ferrer espainiar Inperioa defenditzen ibili zen San Martin generalaren aurka Argentinan eta Perun. Handik bidali zituzten bera eta bera bezalako pertsonaiak eta hona etorri ziren beren aberri espainiarra inposatzera.
Honela, Plaza Berriari 1820.ean, izena aldatu eta 1812.ean jauntxo hauek idatzitako “konstituzioa”ren izena inposatu zioten. Udal akordiorik ez da, ordea, azaltzen. Estatu “nazio-aberri-espainiar-moderno-konstituzionala” sortuko zutelako aitzakian, beraiek negozioak egiteko agintzen zuten elementu hauek.
1823.ean bidali zituzten agintaritzatik eta Fernando VII.a (“rey felón”) berriz ere itzuli zen. Donostian, Plaza Berrian egon zen 1828.ean zezenak ikusten, Bermingham alkatea eta Antón de Luzuriaga zentsorea(Ferreren koadrilakoak zirenak) laguntzaile zituela. Ikusten da errege horri plazaren izenak bost ajola ziola.Errege hura 1833.ean hil zen eta Ferrer, Espartero eta gudan karlisten aurka ibili ziren pertsonaia dohakabe haiek berriz ere hemen ziren agintean. Ferrer 1841.ean hil zen Santa Agedako bainu etxean.
XX. mendean sartu aitzinean, euskal kulturaren berpizkunde bat izan zen; euskaldunek espainolei zieten beldurra galtzen joan ziren. Jose Manterola, beste batzuen artean, izan zen Donostiako euskal kulturgintzako eragile sutsua. Euskara eta euskal nortasuna indarra hartzen joan ziren. Sabino Aranaren eta Arturo Kanpionen pentsamendua eta ideologia zabaltzen joan zen. Testuinguru honetan, Karmelo Etxegarai azpeitiarrari eman zioten Donostiako Alde Zaharreko kale izenak euskaratzearen lana eta honela, gure Plaza Berriaren izena ofizialki onartu zen, 1897. urtean. Baina, zoritxarrez, errotuloak ez ziren inoiz jarri. Dena dela, erabaki hura ez da inoiz atzera bota eta gainera, faszismoan ere, 1967. urtean berriz ere onartu zen aipatu izen ofiziala (1897.ekoa). Hala ere, errotuloa orduan ere ez zen jarri. Baina, izen horrek gaur egun indarrean jarraitzen du. Jakin bezate egun Udalean agintean daudenek.
1936. zoritxarreko urtea etorri zen eta faszista espainiarrak, Mola generala buru zutela, Donostiako hiriaz jabetu ziren eta 1813.ean bezala milaka herritarren heriotza eta deserriratzea eragin (pentsa, orduko 90.000 biztanleren erdiak baino gehiagok ihes egin zuen, espainiar nazi-katolikoen konkista eta suntsiketaren ondoren).
Agintari berriek, boterearen orgasmoan, gure Plaza Berriari, “Plaza del 18 de Julio” izena jarri zioten 1937.urtean eta 40 urte luzez iraun zuen izen horrek. Oraindik ere, baziren garai hartan Plaza Berria deitzen zioten donostiarrak. Lotsagarria da, gaurko arduradunek ez dutela plazako historia agertzen paneletan “18 de julio” izena ere izan zuela, alegia. Ikusten da beraien kontakizun faltsuan izen hori ez dela sartzen!
Franco kaudiloa Jaungoikoak jarri zuen (“por la gracia de Dios” omen) eta Fernando VII.ak bezala plazako balkoira ateratzen zen Donostiako faszisten txalo artean. Hori ere kontakizuneko parte ez al da?
Franco fisikoki hil zen, egia, baina kale izenak arma ideologiko bezala ibiltzen ziren eta dira. Hala ere, gezurra ematen du, baina, faszistek garai batean bi hizkuntzatan errotalutzea eta Euskalerria hitza Espainiako parte bezala ikusten zuten. Euzkadi, aldiz, “separatisten” gauza. Ze gauza! Espainiar nazionalistek eurek erabiltzen dute gaur egun Euskadi hitza, gure Euskal Herriaren aurka.
Honela 1979. urtera heldu ginen eta noski, “18 de julio” izena aldatu behar zela erabaki zuen Udalak. Historia eta Kultura piska bat zuten pertsonek Plaza Berria deitu behar zela zioten, hori zela betiko izena. Beste batzuek (kultura gutxiko jendea) zioten “la consti”, deitu zitzaiola beti. Alkain alkateak, berriz, esan zuen gure arbasoek jarri zutela “constitución” izena eta gizonen eskubideak konsagratzen omen zituela konstituzio hark eta errespetatu egin behar zela haiek jarritako izena. Ziur aski Ferrer izan zela ere ez zekien alkate honek!
Faszismoak gauzak oso ongi egin zituen. Ez dakigu Alkainek jakingo zuen Esparterok txapela buruan erabiltzea ere debekatu zuela 1838. urtean! Eta Jose Manterola institututik bidali egin zutela Foruak defenditzeagatik 1876. urtean.
Espainiar estatuko biztanle gehienek frankisten errejimenaren legitimitatea onartu zuten eta ez hori bakarrik, errejimen kriminal horren kontakizuna. Zeregin horretan, Donostiako burgesia, bere akolitoak eta beraien bozeramaile den “Diario Vasco” egunkaria espainol nazionalismoarekin lerrokatuak eta euskal kultura eta abertzaletasunaren aurkako iritzi joera ia orokortu dute eta guk euskal herritar euskaldunok Plaza Berria 1897.urtean euskaraz onartu zen izena errespetatzea -hitz batean, pertsona zibilizatuak izatea- eskandalagarria iruditzen zaie.
Non daude kultura, zibismoa, zintzotasuna, zuzentasuna eta justizia?
Josu Tellabide. (Etnologoa)