Errelatoa. Zein errelato?

ERRELATOA!! ZEIN ERRELATO?
I
Nahiz lehen unetik kolonizatu
estaltzen zare gogor saiatu
ta guk ordea, ozen argiro
nahi dugu hemen aipatu (bis)
oroitza ez da bukatu
badugu ta zer kontatu
nahiz ta aintzina gertatu
Burgosen bilduz, nafarrik gabe
Nafarroa eskuratu
konkista haren orbanik ez da
oraindikan ezabatu. (bis)
II
Nork du herri hau menpean hartu
zein indarrean gurean sartu
nork ezarri du bere hizkuntza
eta gurea baztartu? (bis)
Derrigorrean uztartu?
eta ukatzen ausartu?
ez du sikira hausnartu
ta mendetako morrontza latza
lege bihurriz indartu
ta nahi duzue zuen arauak
ditzagun otzan onartu? (bis)
III
Aipa dezagun demokrazia
Francon garaian ernarazia
zein da benetan dama galduak
merezi duen grazia (bis)
gerra badu ahantzia?
ondorengo erauntsia?
kunetan maltzur utzia?
zenbat gehiago isilduko du
erailen garrasia?
harik ta dena argitu arte
ez da bukatu auzia.(bis)
IV
Oroit España sutan Gernika
zuen lagunak bonbak jaurtika
Burgosen, berriz, gerra buruak
xaxa emanez, zirika; (bis)
haur, nagusi garrasika
nora ezean korrika
txarra alor zein karrika,
dena birrindu gehienak erail
haien asmoa, irrika,
majo lardastu duzue gero
suntsiketaren kronika, (bis)
V
Eta zer esan torturarena
Españak libre darabilena
estaltzen irmo, baina egia
beti beti nabarmena; (bis)
ukatzea da aurrena
ahanztura, luzapena
ta meatxua hurrena
tribunaletan ezkuta dadin
argitu nahi ez dutena
eta gainera nekez dizute
eskatuko barkamena. (bis)
VI
Zeuen juezak zeuen legea
ejerzitoa, matoi taldea
mendez mendeko indar orekan
nabarmena da aldea; (bis)
nork moztu digu bidea
etenda libertadea
ta estu lotu hedea?
gainera nork du hemen hobena
zazpi harlauzaz gordea?
armen indarra duzue baina
arrazoirik ez, ordea. (bis)
VII
Sarri ukatu arren badira
hirurehun bat urrun guztira
ez lirateke kinka horretan
preso arruntak balira; (bis)
gaixo larriak hor dira
hemen baleude sikira!
arrazoiaren argira
humanitate piska bat eta
borondatea aski da
gaixoak azkar bidal ditzaten
bakotxa bere herrira.(bis)
VIII
Ez naizen arren historialari
ausart hasi naiz kontu kontari
zirikaturik bide emanez
gehiago dakienari, (bis)
lotu dakion lanari
zeregina da ugari
ta askatasuna sari
bidean, baina, gal ez gaitezen
behar dugu egon adi
Euskal Herria dadin soil soilik
relatoaren zaindari. (bis)

Trunboi.

DOIÑUA; Naufragoarena
Donostia 2017-02-27

Kategoria: 1813, 2017 Etiketak , , . Gorde lotura.