Jeneral Castaños kalea Portugalete

Jeneral Castaños kalea Portugaleten

… Jakina denez, Portugalete, hiri handi-handia da, populazioz eta naziotasunez. Portugaletek pertsona ospetsuak eman dizkio gure herriari: Patxi Lopez lehendakaria, Barcina Barandiaran Goi Nafarroako presidentesa, Palacio ahizpa ospetsuen gurasoen jatorria (Ana, Loyola, Itziar…)… familia ilustre asko, baina ilustreenetan ilustreena, duda barik, Castaños Aragorri jeneralen jeneral espainiarra izan zen. Frantsesei aurre egin ziena eta Donostiako setioan Wellington jenerala bidali zuena jendea zigortzera eta hiltzera. Wellington jeneralaren menpeko Thomas Graham militarrak misioa ondo bete zuen eta agindua burutu zuen Donostiaren erretzea eraginez; eta ingelesek zibilak kupidarik gabe hil zituzten arren, ezinbestekoa izan zen Espainiar Erresumak berreskura zezan aspaldi nafar subiranistei konkistatutako lurra. Historiara pasatu da Castaños jeneral portugaletetarra eta orain Portugaleteko herritarrek ordainean gogoratzen dute beren seme militar kuttun espainiarra. Omenezko plaka jarri diote non eta udaletxearen sarreran, kale baten izena aspaldi emateaz gain. Horrelaxe gogoratuko dute portualetetar guztiek nor izan zen Donostiako sarraski ebitaezinaren erantzuleetariko bat.

Lehengo egunean entzun nion abertzale bati Castaños omentzea parekatu ahal dela Gasteiz hirian Fraga Iribarne omentzearekin plaka bat jarriz udaletxean edo bertako elizan non poliziak hil zituen langileak orain urte batzuk. Baina nire laguna oker dago hein batean. Horrelakoak aipatzen dituztenak ez dira konturatzen, Fragak ez zuela tirorik egin, Fraga Iribarne euskal familia baten semea zen eta hartan ez zuela erantzunkizunik eduki, goiko agintari gorena izanda ere. Kasua Castaños jeneral handiarena bezalakotsua da. Castañosek ez zuen erantzunkizunik eduki Donostiako erreketan eta sarraskian. Wellingtonek egin zuen, edo Graham-ek, eta gainera ebitaezina zen frantses inperialistak botatzeko Ipar Pirinioetatik, beste garai batean nafar euskaldunekin egin zen bezalaxe. Aginduak ematen dituztenak zerbaitengatik ematen dituzte, ezta? (jarraitzen du)

Kategoria: 2013 Etiketak , , , , . Gorde lotura.